91. iruzkina, 2002ko ekainak 15

      Aurre Baldintzak, Boterea eta Bakea

      Politikak etorkizunean eragina duten alternatiben inguruko borrokak aztertzen ditu, amaiera ez duten borrokak. Mundu garaikidean oso desiragarria izango litzateke bozketa eraren baten bidez ebaztea gehienen borondatea ezarriz. Denok dakigu norbanako eta gizatalde desberdinek iritziak dituztela interes publikoa duten gai horien inguruan, zeinak atxikimendu gehiago edo gutxiago duten, eta norbanako edo talde horiek euren helburuen alde ekiten duten tinkotasunak (horren barne sartzen da helburuen alde jar ditzaketen diru, itzal eta mesedeak) eragin nabarmena du emaitzetan. Estatu egonkor eta aski demokratikoa deitu dezkeguna izango litzateke bortxakeriaren eskuhartzerik gabe eztabaida hauek garatzen dituen hura.

      Jakin badakigu ere eztabaida eta gatazka hauetako askok presio giro latza sortzen dutela, itxuraz oinarrizko joko arauetan eragiten dutelako: nor sartzen den eta nor ez erabakiak hartzeko prozesuan, politika bat edo beste ezartzeko mugarriak, nori dagokion lurralde baten jabetza edo eskualde baten oinordekotza. Dei ditzagun konstituzionalak kezka hauek, zeinak ingurumari desberdinetan sortzen diren; hiri batetik independizatu nahi duen mendi bati eragin diezaiokete, edo Estatuak zenbait eskubide politikorik gabe utzi nahi duen gutxi batzuei (zeinak batzuetan hiritarren gehiena diren). Bi estaturen arteko mugen gaineko lehia luze bat ere izan daiteke.

      Azter dezagun azken hamarkadetan mundu mailako oihartzuna izan duten gatazka hauetako zerrenda txiki bat: India/Pakistan Katxemiraren inguruan, Hegoafrika apartheid-a dela eta, Ipar Irlanda, Txetxenia, Israel/Palestina, Chiapas /Mexiko, Sudango Hegoaldea, kurduak Turkian, euskaldunak Espainian, Ekialdeko Timor/Indonesia, Kosovo/Servia. Oso desberdina diren zerrenda honetako gatazkek bi parekotasun dituzte: (1) une batean bortxakeria izan da; (2) Kasu bakoitzean alde batek egungo egoera defendatzen du eta besteak egoeraren aldaketa esanguratsua aldarrikatzen du.

      Noski egoera oso desberdinak direla, eta zerrenda osatu dut argi uzteko arlo idelogikoari edo kanpo laguntzari dagokionez mundu mailan alde bakoitzeko "ahulenak" edo "indartsuenak" ez duela elkartasun atxikimendu bera lortzen. Litekeena da kosovotarren alde zegoen jendea ez egitea bat euskaldunekin, edo Sudango Hegoaldekoei atxikimendua adierazten dietenek ez adieraztea palestinarrei. Noski, jende horrek ez du uste ez dela zuzena, eta egoera bakoitzeko berezitasunak mahaigaineratuko ditu moralaren ikuspegitik parekaezinak direla esanez.

      Aldiz, gustatuko litzaidake zenbait parekotasun atzematea gatazka hauen historia jarraituz. Sarritan gatazka hauen azpian sumatzen diren bidegabekeriak aspaldiko aitzinean izandako gertakizunekin lotzen dira: talde bat menperatua, kanporatua izan zen edo lurra ebatsi zioten. Hala gertatu zen talde hori menperatzailea, kanporatzailea edo ebaslea baino ahulagoa zelako. Gainera, auziak bere baitan hartzen du aitzineko gertaera hauek ahulenari zenbait eskubide ukatu edo kulturalki suntsitu nahi izan zuten egitura politikoen sorrerari bidea ireki zion irakurketarekin (erligioa edo hizkuntza inposaketaren bidez).

      Historia edo hitzaspertua gehienetan ondokoa izan da. Aurreneko urratsa: talde indartsuenak bere egitura finkatzen du bere merituen eta talde ahulenaren muga kulturaletan oinarritu arrazoiekin. Bigarren urratsa: talde ahulena politikoki antolatzen da aipatu argudio bidea zalantzan jarriz eta berdintasunean gehiago oinarrituko den egitura aldarrikatuz. Hirugarren urratsa: talde indartsuneak ez ditu aintzat hartzen aldarrikapen hauek eta ahulenak ez du konstituzioan oinarritu aldaketan irtenbiderik ikusten. Laugarren urratsa: talde ahuleneko batzuk indarkeri ekintzak burutzen hasten dira; mundua orduan jabetzen da zeozer gertatzen dela.

      Laugarren urratsera iristen garelarik, kanpoko talde indartsuen atxikimendua mantentzean oinarritzen da politika. Horrela, talde indartsunak adierazten du ahulenaren bortxak ez duela zilegitasunik, eta bortxakeriaren aldarrikapenak onartzea aurrekari onartezina litzatekeela. Talde indartsuenak bortxa bertan behera uztea eskatzen du "aldez aurreko baldintzarik gabe" balizko bake bati bidea irekiko liokeen negoziazioei ekiteko. Talde ahulenak erantzuten du bortxarik gabe ez zaiela aintzat hartuko, eta negoziazioek baino ez dutela lortuko bortxakeriarekin amaituko duen aterabide "politikoa". Aterabiderik gabeko ataka!

      Denok dakigu nolakoa den laugarren urratsa. Pakistango gobernuari Indiako lurretan ez sartzeko eskatzen dion Indiako gobernua da. CNAk bortxakeriari uko egiten ez dion bitartean Nelson Mandela aske uztea ukatzen duen apartheid erregimena da. Edozein aldaketa egin aurretik IRAren desarmea eskatzen duen Ipar Irlandako protestanteak dira. Txetxeriako oldartuak hiltzaileak baino ez direla dioen Errusiar Gobernua da. Terrorismoa amaitu arte Palestinako Agintearekin ez duela negozioatuko dioen Sharon da. Jartungo Gobernua da Hegoaldeko sudandarrei esanez armak utzi behar dituztela, eta Gobernu turkiarra gauza bera esanez kurduei. ETAko terroristak salatzen dituen Espainiako gobernua da. Ekialdeko timortarrei errepresio basatiarekin erantzuten dien Indonesiako Gobernua da. Serbiako Gobernua da bere indar militarrak bidaliz oldartu kosovarrak erausteko.

      Berriko ere errepikatzen dut adibide hauek aukeratu ditudala uste dudalako irakurleak ados egon daitezkeela talde "indartsuenarekin" bakarrik kasu batzuetan, beste batzuetan aurka eginez. Niri ere gertatzen zait. Baina egiturazko parekotasunak zinez garrantzitsuak dira. Arreta sortzen duen beste gauza bat da talde bakoitzaren barruko eztabaidak, zeinak itxuraz berdina duen kasu guztietan. Alde bakoitzak ditu era bateko "konpromezua" suposatuko duen aterabide "politikoa" babesten duten epelak, eta alde bakoitzean daude "dena ala ezer ez" delakoaren muturrekoak, zeinek indar gehienak euren aldeko epelen aurkako borroketan xahutzen dituzten edo edozein negoziazio aukera zapuzten duten une desegokienean bortxa probokazioak erabiliz.

      Aipatu bederatzi adibideak desberdinak dira, bakoitza bere berezitasunekin. Eta aterabideak, egotekotan, oso desberdinak izango dira. Baina denak ari dira boterea eta eskubideei buruz, denek erabiltzen dute bortxakeria, bai dagoen egiturari eutsi nahi diotenek, bai eraldatu nahi dutenek. Eta denek amaituko dute baldin eta noizbait hitzarmen politikoren bat lortzen bada. "Terrorismoaren aurkako guda" talde ahulenek bortxa erabil dezaten ekiditeko guda bada, haize erroten aurka ekiten dion On Kixoterekin alderatu daiteke. Noski, indarrean dagoen egituraren aldeko botereak aurkariak arrakastaz zapaldu ditzake bolada batez, baina bolada batez baino ez. Egia da ere oldarraldi zehatz baten sustatzaileak menperatuak izan daitezkeela. Baina kasu horretan, lehenago edo beranduago beste batzuk ordezkatzen dituzte, epelagoak aldarrikapen batzuk onartzen badira, zorrotzagoak horrela ez bada.

      Denok jakin behar dugu halako gatazken amaiera (bosgarren urratsa, zeinaren adibide historiko ugari dauden, hala nola Alsacia-Lorena zela eta Frantzia-Alemania arteko gatazka) beti lortu dela politikoki, eta inoiz ere ez guda baliabideei esker. Hor bi aldeek aurki dezakete ikasgai historikoa. Baina aterabide politikoak bere baitan hartzen du bi aldeek bortxa erabiltzea. Edozein gatazka garrintzitsuan ia ekidieniza da.

      Moralean gutxiago eta alde eraginkorrean gehiago oinarritu azterketek lagungarriak izan daitezke. Amore ematea beti da mingarria. Garrantzitsua da egiten denean oinazea egungo belaunaldiek bakarrik nabaritzeko modukoa izatea eta etorkizunekoek nekez ulertzea zergaitik izan ziren hain mingarriak. Era honetako irtenbideak baino ez dira iraunkorrak.

      Immanuel Wallerstein (2002ko ekainaren 15a)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).